XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GIZONA - (Andrari urreratzen jako). Eta, zertarako balio dute hor belarrietan dituzun arrakadak? Zer probetxu ematen dautzute dirutan hor eroatearekin?

SEÑORITA - Dirutan... dirutan ez. Hori apainduri bat da.

GIZONA - Eta... neguko egun gogorretan, zergaitik agurtzen duzu jendea egun on esanda? Egun on esan eta hotzez dardarka! Dirurik lortzen ete duzu hortik?

SEÑORITA - Ez, hori esatea kortesia bat da.

GIZONA - Ikusten duzu? Munduan ez da guztia diruarekin neurtu behar. Ba daude zuk aitatu dituzun APAINKETA, KORTESIA... ta beste asko.

SEÑORITA - Ez pentsa zure hitzekin nahastuko nauzunik.

GIZONA - Hori, ba nekian zu ikusi orduko.

SEÑORITA - (Haserre). Zer esan nahi duzu horrekin? Astoa naizela?

ANDEREÑOA - (Bakea ekarri nahian). Parkatu. Baina zeozer esan nahi dut. (Andrari). Hara. Guk hemen ahal dugun ondoen erakusten dugu. Gure ikastola hau da gure herrian dagoen kolejiorik onena. Joan dan urteko esaminetan, gure umeak danen artean lehenengoak geratu ziren. Beraz, kolejio on bat nahi baduzu, hemen daukazu gurea.

SEÑORITA - Baina... euskera...

ANDEREÑOA - (Bizi). Euskera ez da eragozpenik, laguntza baino. Hara. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe. Burua, adimena, hainbat eta argiagoa.

SEÑORITA - Frantzeza izango balitz...

ANDEREÑOA - Ikasiko dute frantzeza be. Baina hasi, hasi euskeratik.

SEÑORITA - Eta zergaitik euskeratik?

ANDEREÑOA - Geurea dalako.

GIZONA - Euskera da munduko hizkuntzarik zaharrena, ederrena.

ANDEREÑOA - Ez horregaitik. Nik ez dakit munduko zaharrena ala ederrena dan, ezta jakin beharrik be. Euskera maite behar dugu geurea dalako, eta akabo.